Jakinarazten duten pertsona fisikoak errepresalietatik babesteko neurriak, oro har, 2/2023 Legean ezarrita daude. Hala ere, Arartekoaren ABISek antolakuntzako segurtasun-neurriak eta informatzaileak babesteko segurtasun-neurri teknikoak ezarri ditu:
- Informatzailearen identifikazioa eta datu pertsonalak.
ABISek informazioaren jakinarazpenak aurkeztea eta izapidetzea ahalbidetu du. Hona hemen jakinarazpen motak:
Anonimoa: informatzailearen izena eta datuak ez jakitea ziurtatzen du.
Ez anonimoa: informatzailearen datu pertsonalak ematen ditu, hala nola izen-abizenak, nortasun-agiriaren zenbakia eta helbide elektronikoa. Kasu horretan, informatzaileak honako eskubide hauek ditu:
- Nortasuna ez ezagutaraztea hirugarrenei. Lege horrek baimentzen dituen sarbide eta jakinarazpenetan baino ez da horren berri emango.
- Datu pertsonalak datuen babesari eta informazioaren segurtasunari buruzko araudia betez tratatzea, bereziki, datu pertsonalak babesteko eskubideak baliatzea eta tratamenduari buruzko oinarrizko informazioa ezagutzea
- Datuak eskuratzea
ABISaren datuak sistemaren arduradunak baimena eman dien pertsonek baino ezingo dute eskuratu.
ABISaren aplikazioak jasotako informazioaren liburu-erregistroa eta kasuan kasuko ikerlanak ditu (Legean jasotako baldintzak betez). Bertara sartzea ez da publikoa. Erregistro batera edo horren zati batera sartzea posible izango da, prozedura judizial baten barruan, eskumena duen agintaritza judizialaren babespean eta agintaritza horren auto baten bidez.
Jakinarazpen batean datu pertsonalak badaude, jakinarazpena aurkeztu duen pertsonak eskubidea du bere nortasuna hirugarrenen esku ez uzteko. 2/2023 Legean jasotako kasuetan baino ezingo da ezagutarazi.
- Datuak jakinaraztea
Datu pertsonalak Arartekoari jakinarazi ahal izango zaizkio, ezinbestekoa denean erakundeari eragiten dioten ikerlanetan parte hartu duten pertsonen jarduketa irregularren berri emateko, antzemandako arau-hausteak zuzentzeko eta dagozkion erantzukizunak argitzeko. Era berean, Arartekoari datu pertsonalak jakinarazi ahal izango zaizkio, esku hartu behar bada informatzailearen edo haren familia- edo lan-ingurunearen aurka hautemandako edozein errepresaliaren aurrean.
Informatzaileak bere nortasuna erazagutzen duenean, agintaritza judizialari, Ministerio Fiskalari edo ikerketa penal, diziplinazko edo zigortzaile baterako eskumena duen administrazio-agintaritzari bakarrik jakinarazi ahalko zaio. Kasu horretan, informatzaileak eman dituen datu guztiak babestuko dira, arauen arabera.
Haren nortasuna ezagutarazi aurretik, informatzaileari jakinaraziko zaio, baldin eta ikerketa edo prozedura judiziala arriskuan jartzen ez bada. Horretarako, agintari eskudunak idazkia bidaliko dio, datu konfidentzialak azaleratu izanaren arrazoia azalduz.
- Informazioa kontserbatzea
Datuak eta informazioa behar den denboran gordeko dira, proportzionalki, salaketa izapidetzeko.
Salaketa ezetsiz gero, emandako datu pertsonalak artxibatu eta berehala ezabatuko dira.
Salaketa izapidetuz gero, datu pertsonalak honako kasu hauetan ezabatuko dira:
- Ez dira beharrezkoak ikerketarako.
- 2/2023 Legean jasota ez dauden jokabideak jakinarazten direnean.
- Ikerketaren ondorioak zehazten duenean ez dela 2/2003 Legea urratu.
Salaketaren ikerketa ixteak eta bertan lortutako ondorioek informazioa eta dokumentazioa gordetzea eta artxibatzea ekarriko dute, tratamenduaren ondoriozko erreklamazioen edo erantzukizunen epe guztiak betetzeko. Azkenik, artxibo historikoak kontserbatzeko diren espedienteak xahutu eta, hala badagokio, hautatuko dira.
- Teknikoak:
Arartekoak Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuaren II. eranskineko segurtasun-neurriak aplikatzen ditu.