Eskubideak baliatzea - Datu pertsonalei dagozkienak

Zergatik erabiltzen dira datuak?

Norbait Arartekora laguntza eske etortzen denean, erakundeak haren datu pertsonalak bildu eta erabili behar ditu. Datu pertsonalak erabiltzea (tratatzea) legez araututa dago[1]. Ararteko erakundearen pribatutasun politika IV. kapituluan agertzen da. Bertan, datuak babesteko indarreko legeriari jarraiki, datu-tratamendu bakoitzaren helburuak eta legezko oinarria adierazten dira, beste datu interesgarri batzuez gain.

Norbaitek bere datuak Arartekoari eman arren, datu horiek bereak izaten jarraitzen dute. Horregatik, zenbait eskubide ditu, datu pertsonalak kontrolatuko direla eta norberaren eta familiaren ohorea eta intimitatea babestuko direla bermatzeko.

Datuak babesteari buruz, zer eskubide dituzte herritarrek?

  • Datuak eskuratzeko eskubidea: kontsultatu nahi badituzte (zer datu erabiltzen ari diren eta zertarako jakiteko).
  • Zuzentzeko eskubidea: datuak aldatu nahi badituzte (oker edo osatu gabe daudelako).
  • Ezerezteko eskubidea: datuak ezereztu nahi badituzte (hori egin daitekeenean).
  • Aurka egiteko eskubidea: beraien datuak tratatzerik nahi ez badute, batez ere Interneten irudia erabiltzearekin lotuta badago. Aurka egiteko eskubidea gauzatzen bada, datuak ezereztuko dira, Arartekoak kexak izapidetzeko edo defendatzeko behar ez baditu behintzat.
  • Tratamendua mugatu dadin eskatzeko eskubidea: datu batzuk bakarrik agertzea nahi badute (datu-tratamenduaren zehaztasuna, legezkotasuna edo premia zalantzazkoa iruditzen bazaie). Halakoetan, Arartekoak datuak gorde ahal izango ditu, kexak izapidetzeko edo defendatzeko.
  • Datuak eramateko eskubidea: datuak berreskuratu nahi badituzte, tratamenduaz arduratzen den beste erakunde edo enpresa batera eramateko. Datuen kopia bat emango zaie, erabilera komuneko eta irakurketa mekanikoko formatu egituratuan.
  • Baimena baliogabetzeko eskubidea: Arartekoari datuak tratatzeko emandako baimenari baliogabetu nahi badute.

[1)]2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta horiek garatzen dituen 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.