Arartekoaren informazioa eskuratzeko eskubidea

Nork erabil dezake eskubide hori?

Edonork balia dezake Arartekoak daukan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

Nola egin dezake?

Aurrez aurre: Arartekoak herritarrak artatzeko dituen 3 bulegoetan.
Internet bidez: Arartekoaren egoitza elektronikoa.
Arartekoaren egoitza elektonikoan eskuragarri dagoen formularioa betez.

Informazio pertsonalari buruzko eskaerak izapidetzeko, datuak babesteko eskubideak erabiltzeari dagozkion prozedurak erabiliko dira.

Eskaera horiek kudeatzean, Arartekoak honelako interpretazio irizpide orokorrak erabiliko ditu: interes publikoa, proportzionaltasuna, besteri kalterik ez eragitea; salbuespenezko kasuetan bakarrik mugatu edo ukatuko dira eskaerak.

Eskuratzea onartzen bada, informazioa interesdunari emango zaio, izapide bakar bat betetzen badu: informazio hori jasoko duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea, ahal izanez gero bitarteko elektronikoak erabiliz.

Ez dira onartuko eskaera errepikakorrak, zehaztugabeak edo argi eta garbi gehiegizkoak direnak.

Noiz uka daiteke eskubide hori?

Eskubide horrek muga batzuk ditu: datu pertsonalak babesteko legerian ezarritakoa, besteren eskubideak errespetatzea, baita ere kexa- eta kontsulta-espedienteetan konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala gordetzeak berekin dakartzan betekizunak.

Informazioa eskuratzeko muga hori ezartzea behar bezala justifikatu beharko da eta neurrizkoa izan beharko du, babestu nahi dena kontuan hartuta; orobat, aintzat hartuko ditu kasu zehatzaren inguruabarrak, batez ere interes publiko edo pribatu handiagoa izatea, informazioa eskuratzea justifikatzeko (19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, 14.2 artikulua).

Eskuratzea onartzen bada:

Interesdunak inolako izapiderik gabe jasoko du eskatutako informazioa; bere nortasuna egiaztatu beharko du (NAN), besterik ez. Hori egiteko, ahal izanez gero, bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

Eskuratzea ukatzen bada:

Arartekoak ebazpen bat emango du, behar bezala arrazoitua, informazioa eskuratzeko eskaera ukatzeko.

Ebazpen hori 20 eguneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari, eskaera jaso zenetik zenbatzen hasita.

Epe hori beste hogei egunez luzatu ahal izango da, baldin eta eskatutako informazioaren kopuruak edo konplexutasunak beharrezko egiten badute.

Hala bada, Arartekoak ebazpen arrazoitua emango du eta eskatzaileari jakinaraziko dio.